XÜXENEAN ENTZÜN

Berriak

Xiberua, Lapurdi eta Baxenafarroako bertsulari txapelgoa hasi da iragan neskenegünean Muskildin. Sei bertsulari ziren lehian Odei Barroso, Patxi Iriart, Joanes Etxebarria, Ramuntxo Christy, Bixente Hirigaray eta Ximun Cazaubon. Bertsutan maila zinez hona erakutsi düe eta giro hoberenean igaran da Muskildiko Posonpesenean. Odei Barrosok 215 püntürekin lehen leküa ardietsi dü eta bere gibeletik Patxi Iriart 199 püntü. Biak sailkatürik dira finalerdietan kantatzeko Luhoson eta Gabadin. Bigerren kanporaketa dagün neskenegünean setemeraren 25ean eginen da Aiherrako Denen etxea gelan, Miren Artetxe, Xumai Murua, Mattin Luku, Kristiñe Txoperena, Txomin Elosegi eta Gillen Hiribarren lehian izanen dira. Leküen etxekitzea aholkatürik da, Bertsolarien Lagünak elkarteala deitzez : 05.59.54.15.04 zenbakiala.

Entzün Odei Barroso bertsularia lehen kanporaketako irabazlea :


Entzün Joanes Etxebarria Barkoxeko koblakaria :

Entzün Ramuntxo Christy Lapurtar bertsularia :

Xiberoko Gaü Eskolako kurtsoak ürrietan hasiko dira. Üdako ikastaldia arrakastatsü eta baikor izan ondoan, Gaü Eskolak bere eskeintzak azkartü nahi dütü. Aurtenko berritarzünak dira : indar ezartea herrietako klasetan, non eta giro berezi bat lortzen den. Züen herrian talde bat sorrarazi nahi badüzüe, baldintza bakarra da 6 edo 8ko talde baten biltzea eta gaü eskolarekin harremanetan sartzea.
Bestalde, Gaü Eskolak maila berri bat zabaltüko dü, eüskaran maila hona düenentako bena segürtantxa güti mintzatatzeko. Ororen gainetik, eüskara haboro barnatzeko, negü hontan beste ikastaldi bat proposatüko dü. Sartze eta ikastaldi hon baten plantatzeko, formatürik izanen diren erakasleak ere xerkatzen dütü. Kurtsoen ordaintzeko, Herri Elkargoaren partetik sos lagüntza ükeiten ahal da. "DIF" delakoa edo formakuntzarentako norberaren züzena ere baliatzen ahal da. Xehetarzün edo izenen emaiteko, permanentziak badira egün oroz AEK-ko egoitzan, Barennes anaien karrikan, goizez 10tarik egüerditara eta arrestiez 4tarik 6tarat. Xiberoko Gaü eskolarat ere deitzen ahal da 05.59.19.18.44 zenbakialat.

Entzün Xiberoko Gaü eskolako bi kideak, Stéphanie eta Maritxu Castillon :

Bi urte iragan dira Iparraldeko lehen txapelketa egin zenetik. Aurten ere bai, Bertsularien lagunak alkarteak arra antolatzea erabaki dü eta setemearen 18tik azaroaren 13alat, 3 kanporaketa eta bi finalerdi eginen dira. Lehen hitzordüa neskenegün hontan berean emana da bertsozale oroer, Muskildiko Posonpesenea gelan eginen beita lehen kanporaketa. Bertan entzüten ahalko dira kantan: Odei Barroso, Patxi Iriart, Bixente Hirigarai, Joanes Etxebarria, Ximun Cazaubon eta Ramuntxo Christy. Orotarat, 20 bertsolari lehiatüko dira eta 6 saio eginen dira, azaroaren 13an eginen delarik finala, Donibane Lohitzüneko Jai Alai gelan. Neskenegün hontan lehiatüko diren 6 bertsolarietarik, 4 lehentze ariko dira txapelketan eta horietariko bat den Ramuntxo Christy alkarrizketatü dü Xan Alkhatek, entzün bien arteko solasaldia :

Ondoko kanporaketak hauek dira: Setemearen 25ean Aiherran eta ürrietaren 2an Saran. 3 kanporaketak bertso aihari gisan egiten beitira, bertsularien lagunak alkartialat deitü behar da leküen etxekitzeko, 05 59 54 15 04 zonbakialat. Xehetarzün haboro xilaba.net web günean.

Ostirale arrats hontarik igante artino Ondarearen egünak ospatüko dira. Aurten Maule, Gotaine, Garindaine, Muskildi eta Ospitalepeko Herriko Etxeen parteliangoarekin, Ikerzaleak alkarteak zer nahi proposamen eskentzen deizkü Xiberoko ondarrearen hobeki ezagützeko. "Gizon Handiak, Emazteek eta Gizonek Ixtorioa eraikitzen düelarik" lema haütatürik izan da. Mintzaldien aldetik, lehena ostirale gaüan iraganen da Gotaineko elizan 20.30etan. Aurtenko lemari lotürik, Robert Elissondo eta Joël Larroque-k bideo-konferentzia bat emanen düe, Xiberoko Ixtorioa eraiki düen gizon eta emaztetaz. Bigerren mintzaldia, Denis Cassard-ek eskentüko dü, neskenegün gaüan 20.30etan Iruriko gaztelüan, Pizküntearen garaian Italiarat joan diren bidajantetaz. Bijiten aldetik, Arbide gaztelüa Gotainen, Maulen, gaztelüa, Andüraineko gaztelüa, Maule-Gaineko eliza, eta Ospitalepeko, Urdinarbeko, Iruriko, Larraineko eta Santa Graziko güne ixtorikoak bijitatzen ahalko dira. Erakusketak ere ez dira eskaz izanen. Gotainen, Jean Louis Davant-ek idatzi düan « Eüskaldünak Iraültzan » pastoralaren üngürüan "Frantses Iraültza Xiberoan" erakusketa ikusten ahalko da, Garindainen aldiz, "Behin bazen eskola Xiberoan" erakusketa «Denen Etxea» gelan. «Lehenago eskola Xiberoan» libürüaren aurkezpena ere eginen da neskenegün goizan 11tan ber günean. Egitaraua eta ordütegia ikusten ahal da « ikerzaleak.eke.org » internet günean.

Entzun Robert Elissondo Ikerzaleak alkarteko lehendakaria :

Xiberoko Botzak bere sartzea egiten dü. Sartze hontan, berritarzünak badira programazioan. Berrietan formatoa kanbiatzen da tenoreak berrak egonez, goizanko 7 eta 8etan. Gei bereziak aldiz, egünean berritan baizik ez dira arrapikatürik izanen. Üsatü emankizünak beti hor dira, Tumatxa, Popolen emankizüna, Punttuka eta Bloga Bloga. Eüskal Irratietako alkarrekilanko programak eta emankizünak beti jarraikitzen dira. Langilen aldetik, Joanes Etxebarria Xiberoko Botzetik joan da eta bi langile berri jin dira. Artzen Letona kasetalarigoan eta animazionean eta Dani Etxart Webgüneaz eta haur emankizünaz axolatüko dena.Ttittika Recalt lankideak, Ttom Ttomas, Jakile, eta Aldikoan aldi kronikak eskeintüko deizkü. Ipuinak bere leküa badüke, 5 emaztek aldizka Mula Nazrudinen ipuinak kontatüko deizküe. Mula Nazrudinen ipuinak 7 eta 9. mentekoak dira, Türkiatik Afganiztanera ezagütüak zirenak. Beste langiletan, Laurentx Etxegoin eta Xan Alkhat berrietan, animazionean, programazionean eta joküetan ariko dira. Bestalde, Xiberoko Botzako üdako kanpaina ontsa iragan da. Opariak agortürik direlakoz orano herri zonbait egiteko dira. Xiberoko Botzak, entzüle, emaile eta lagüntzaile güziak bihotz bihotzetik eskertzen dütü .

Entzün Allande Erreçaret Xiberoko Botzako kidea eta lagüntzailea :

Ausaz

Kronika

Emankizüna

Artxiboan