XÜXENEAN ENTZÜN

Ekonomia - Turismoa

Xiberoko CLEJak aurten lagüntü dütüan bi xedeak presentatü dütü maiatz erdixütan Xibero bio saltegian. Aurélie Lartiguek dü zabaltü saltegi berri hau, Allande Etxarten segida hartüz Bio ekoizpenen haütüa handitüz. Bestalde, hor zen ere Serge Pinheiro plastür edo igeltzeritzan plantatü berri den ofizialea. Biek CLEJaren lagüntza eskertü düe eta alkarteko kidek, Clejaren inportantzia proiektü berrien aküilatzeko azpimarratü düe eta orai arte lagüntü dütüen xede haboroxenek aitzina jarraiki düela. Ürrentzeko, hirugerren xede bat lagüntürik date üda hontan.

Entzün Joana Arhantcet CLEJetaz ardüratzen dena :


Entzün Aurélie Lartigue Xibero Bio saltegikoa :

Entzün Serge Pinheiro igeltsügintzan plantatü dena :

Xiberotarrik gabe egin da, Departamentüko Herri Oihandünen alkartearen biltzar nausia Sohütan. Departamentü hontan 180 hiri dira oihanekin eta 105 alkarte honen partzuer dira. Oihaneko importantzia hanitx aipatürik izan da. Nola oihanetako egürra ahal den hobeki baliatzen ?  hau da biltzarrean agertü den galtoa. Eraikuntzen egiteko baliagarri balinbada egürra, bürdüinak lehia egiten deio. Hala ere, idei berriak agertzen dira, hala nola, aterbe handien berotzeko berogailü  ibiltarien sistema.

Entzün Milou Castan Departamentüko Herriek Oihan dütüen Alkarteko lehendakaria :

Oihanaren balioaz, sensibilizazio kanpaina süstatüko dü ASA Xiberoa Alkarteak. Biharko laborariak ohart ditian oihana balio bat badüala, alkarteko animazalea eskoletan iraganen da aurten informazionen zabaltzeko. 2004az geroztik eraman düan lanak frogatü dü, laborariek errebenio hobeagoak elkitzen ahal dütüela oihanetik beren hontarzüna hobeki kudeatzez. Horrez gain, zurgintzako egür plataforma bat soraraziko dü, ofizialeen  beharrer hobeki erantzüteko. Egür energia sailan Xiberoa Herri Alkargoak abiaraziko düan ürratsan ere parte hartzeko nahiküntea erakutsi dü ASAk, apirila hatsarrean egin düan biltzar nausian. Azkenik, Hauze, Montori, eta Atarratzen egin den diagnostikatik landa, oihan jabeen beharren araberako ürratsak emanen dira ondoko aste ta hilabeteetan.

Entzün Jean-Michel Armagnague ASA alkarteko lehendakaria :

Mauleko Interface alkartea sos galtzeetarik elkitzeko finkatürik zütüan helbürüak lortü dütü 2010ean. Holaz, lasaitürik agertü dira alkarteko ardüradünak maiatzaren 12an egin den biltzar nausian. Inzerzione sailan lan egiten düan alkarte honen geroa düdan agertü zen, sos galtzetan beitzen azken hiru urteetan. Orai partida ez bada osoki irabazirik esperantxaz beterik dira alkarteko kideak, aurtenko eta dagün urteko ikusbideak hon beitira. Hargingoako ala zurgintzako eraikuntza eta arraberritze lanen egiteko, inzerzionearen beharrean diren 12 langile enplegatzen dütü Interface alkarteak.

Entzün Luisa Berrogain Interface alkarteko kidea :

« Aupa » izeneko enpresa berriak bere aktibitatea hasiko dü Maulen dagün maiatz erdisütan. Hilabete ondarrean zerratüko den ISPAC lantegiko mekanika lankian plantatüko da eta ISPAC lantegiko Paskal Bidartek dü soraraziko. Sükaldaritzan baliatzen diren olio zaharren biltzea da enpresaren xedea, bio-erregai ekoizleer gero saltzeko. Ondoko egünetan, olio zaharren biltzeko Kostaldeko kolektibitateetan, hitzarmen baten izenpetzea esperantxa dü Paxkal Bidartek. Hatsarrean, bera hasiko da enpresan eta aski fite langile bat edo besteen hartzea asmüa dü. Emeki emeki, Ispac lantegiaren berantolatzea hasiko da eta jakin dügünaz beste xede zonbait gogoetatzen hasi dira, bena goizegi da orano horren aipatzeko.

Entzün Paxkal Bidart "Aupa" enpresako sorarazlea :