XÜXENEAN ENTZÜN

Laborantxa - Üngüramena

Gorrian ürrentü dü Algar Etxeki alkarteak 2011an, 4119€ ziloarekin. Zilo honi bürü egiteko, urtekosaria 40€tarik 50€tara igaran dira. Orotarat, 3245 oren ordezka egin dütü Algar Etxiki alkarteak 2011an. Horien artean, 1611oren 6 istripüren gatik eta 1634 oren 11 eritarzün kasüren ordezkatzeko. Kudeatzearen aldetik SRA alkartetik Lagun alkarteala iragan da, kanbiamenaren aldetik, dena ontsa iragan da eta merkeago, 13.54€ hartzen beitü orenkal. Haatik, zailtarzünak dütüe ordezkarien atzamaiteko eta hürrüntik horra direnek bide fresak handiagoak dütüe. Beraz, herritarrer lehenik pentsatzea galtegiten düe eta erretretan direnak ere ordezketetan sartzen ahal dira noiztenka.

Entzün Christine Etxebest Algar Etxeki alkartekoa :

Urtez batez, Ardi Bürüru Beltx alkarteak eraman düan lanaren berri zabaltü dü, Baxe-Nafarroan eta Xiberoan egin diren bilküretan. Ardi ikara edo daldara eritarzünari bürüz egin beharko diren ürratsak aipatürik izan dira. 2016eko marro gazteen erresistentzia azkarki hobetü beharko da, oraidanik finkatürik diren bete beharretara heltzeko. Artzainak zer maneraz ari diren lanean ardi bürü beltxeekin jakiteko, Okzitaniako Tolosako INRA egitürako ikasle batek eraman düan ikerlana presentatürik izan da. Hortarik abiatürik, teknikoki eta ekonomikoki ardi arraza honek bideragarri dela frogatüko nahi da eta haren erabilpena builtatüko da, laborantsa eskoletan bereziki.

Entzün Ximun Lucu Ardi Bürü Beltx alkarteko bürüa :

CAOSO Idauze-Mendiko ardi kooperatifak, bizpahiru hilabeteen barne, bere ardi edo axuriak Donibane-Garaziko kabale ehotegian ehoarazten ahalko dütü.
Berri hona da kooperatifarentako, bere biltzar nausian erranik izan den bezala. Donajunen ürrentzen ari den eraikitze berri honi esker, kabaleak ehoarazten eta puxkakarazten ahalko dütü, merkatüaren galtoari hobeki ihardesteko eta Frantses merkatüan haboro sartzeko. Ber ildoan, ikerlan bat abiatürik dela jakinarazirik izan da, Mauleko ISPAC lantegi ohian, kabaleen puxkakatzeko eta aragiaren kongelatzeko, beste güne baten sortzeko.

Entzün Jean-Marie Etxegorri CAOSO kooperatifako ardüradüna :

Pireneetako ardi ilheekilan ari den Nature Laine enpresaren izolazionea, emeki emeki bena segürki, bere leküa hartzen ari da frantses merkatüan. Oloruen den enpresa honen ardüradünek, CAOSO Idauze-Mendiko ardi kooperatifaren biltzar nausian parte hartü düe beren aktibitatearen berri emaiteko. Ardi ilheekilanko izolazionea bideragarri izaten ahal da bena hortara heltzeko, denen indarra beharrezkoa da. Ardi hazleen inplikazionea baitezpadakoa dela oritarazi düe Nature Laine enpresako ardüradünek eta ardi ilhe xahüagoa ekartea galdegiten deie.  Beren garapenarentako oso inportanta den zertifikazione baten haidürü da Nature Laine enpresa, egitüra püblikoen merkatüan sartzeko gisan.

Entzün Gilles Detiège Nature Laine enpresako bürüa :

Indüstrialekilanko tratü güziak hausten zütüela jakinarazi düe Ardi Ezne Interprofezioneko ekoizleen ordariek Donapaleün. Iragan barantailan, Baionako Suprefektüran indüstrialekin hitzartütakoa, ez düela errespetatü salatü düe. Indüstrialak, kanpotik ekarritako eznea 7 milliu pintetan mügatzea hitzartü ziren, ekoizleek agorrilan eznerik ez ekoiztea hitzeman züelarik. Berriki bi parteen artean iragan den bilküran, 8 milliu pinta kanpotik sartü zirela jakin düe ekoizleek. Ikusiz hitzarmena ez dela errespetatürik izan eta tratüak eküratürik zirela, leküaren üztea deliberatü düe. Ezne biltze kanpainaren hatsarrea beno hilabete bat aitzin, deiadarra joiten düe ezne ekoizleek, podere püblikoak beren ardüraren aitzinean uzten dütüe eta azpimarratzen düe hebenko laborantsaren geroa zalantzan izanik, beren ekintzak gogortüko dütüela deüs ez bada kanbiatzen.

Entzün Patrick Etchegaray Interprofezioneko ezne ekoizleen ordezkaria :