Gabadi, Domintxine eta Barkoxeko oilo eta ahaterik ez da eho! Alta, sanotzebide zerbütxüek edo « services sanitaires » delakoek egün eramaitekoak zütüen hegaztiak. Jentearen igitze handiari esker ez da halakorik agitü, eta zerbütxü horietakoak gibelerat egin düe. Goizalde erreüsa izan da, bereziki Gabadin.Haatik, 3 etxalte horiek hazkuntzen jarraikitzeko baimen berezirik ez düenez, ahateen ehaiteko arrajiten ahal dirateke sanotzebide zerbütxükoak, ondoko egünetan. Xehetarzünak Panpi Sainte-Marierekin:
-Goizanko 6 orenetan: ELBk jentea goizik deitü dü kabalen ehaitera ez üzteko. 200 bat presuna Gabadin, beste hainbeste Domintxinen. Barkoxen kasik 400 züelarik. Horietan 45 haütetsi. Bidea mozten züan katau bat bazen, “Zentzügabekeria aski” banderola bat emanik gainen. Haütetsiak lehen herrokan jarri dira eta ehünka jente gibelean, bidearen mozteko.
- 7etan, 3 hazkuntza güneetara sanobide zerbütxükoen heltzea CRS kamiu zonbaitekila. Jenteak eta Estatüaren ordezkariak bürüz-bürü plantatzen dira.
- 8etan, Andde Sainte-Marie Esküaldeko kontseilaria mainztatzen da Domintxinen, sanobide zerbütxükoekin eta poliza bürüarekin. Hazkuntza günetara sartzeko, indarkeriarik erabilteko baimenik ez züela jakinarazten deie.
-8:15etan, Polizak Domintxinen kargatzen dü. Gas nigar eginarazleak erabiltez jentearen barreiatzea iseiatzen dü -, bena manifestazaleek hürrüntxago blokatzen jarraikitzen düe. Beste leküetan alkarretarratzeak anple egoiten dira ; ELBk, indarkeriarik gabeko bühürtzea eginen züala jakinarazi züan.
-9etan, sanotzebide zerbütxükoak eta CRSak etxaltetarik joaiten dira ; ahateak ez dütüe egün ehoko.
-11etan, ELBk ohartarazten dü dagün egünetan kasü egin beharko dela, ahateen ehaiteko xedean arrajiten ahal beitira.
-12etan , Prefetak ageri baten bidez jakinarazten dü blokatze horrek ondorio jüridikoak izan letzan gogozkatzen ari direla.