XÜXENEAN ENTZÜN

Laborantxa - Üngüramena

Laborantsako geroaren beresküalatzeko, beren zerrenda presentatü düe Eüskal Herriko Laborarien Batarzünak eta Confédération Paysanne Biarnoa sindikatek igaran ürrietaren 10ean Beskoitzen. 23 laborari dira zerrendan eta haren bürüa, Mixel Erbin Nabarrenkoxe kantonamentüko Angouseko laboraria da. Zerrendan, departamentüko bi eskualdeak, laborantsako sail güziak bai ta gizon -emazteak ontsa ordezkatürik dira. Xiberotik bi gazteek parte hartüko düe. Muskildirik Maddi Gaztelusarry, eta Larraiñerik Nikolas Bengoetchea.  Laborari güzier deia lüzatü düe dagün urtarrilako Laborantsa Kanberako bozkeetan parte hartzeko saldo handian, "Laborantsa Herrikoi eta iraünkor" baten defenditzeko eta azken 30 urteetan beren politikarekin laborari hanitx desagerazi dütüen FDSEA sindikatako ardüradünen kanpo ezarteko.

Entzün Laurent Irigaray ELB sindikateko ordezkaria : 


Entzün Nicolas Bengotchea ELBko zerrendan agertzen dena : 

"Ardi latxaren" eznetik, artzainen eskü trebeetarik igaranez, Idiazabal sor markak kalitatearen bidean egin dütüan ürratser esker, mündü osoan famatürik bilakatü da. Haatik, sormarka, ardi saileko beste aktüreen gisan, ekoizpena eta saltzeen apaltzeari bürü egiteko güdükatzen ari da. Idiazabal eskualdean ere, kanpoko arrazekin ari direnen eta indüstrialen konkürrentzia gaitzaren kontre lehiatzen dira. Idiazabal sormarkako ardüradünek bide bat baizik ikusten düe, "ardi latxaren" zaintzea, kalitatea etxekitzea eta famaz bermatzea, bere gazna mündü osoan saldürik eta ezagütüxago izateko.

Entzün Jose-Mari Uztarotz Idiazabal sor markako lehendakaria : 

« Agneau de lait des Pyrénées » izen pean IGP (Identification Géographique Protégèe) markaren bidez zaintürik izanen da hebentik aitzina. Bazen 14 urte Axuria Kooperatifa, CAOSO, Lür Berri eta Association Ovine Basco Béarnaise axuri ekoizleen alkargoak güdükatzen zirela IGP horren ükeiteko. Nahiz eta, ez badakie orano Europak kanbiamenik ekarriko düanez txostenari, oso botzik agertü dira xede eramaileak berria jakitean. IGP marka hebenko ardi arrazarekin lan egiten düen departamentüko hazle güziek baliatzen ahalko düe, baldintzak betetzen baldin badütüe. Orotarat, 420 000 axuri sal ahal lirate IGP ezagütgarriarekin.

Entzün Mixel Arhantcet Axuria kooperatifako lehendakaria : 

Beste urtez beno montüra gütiago izan dira Onizepea, Altzai eta Larrainen egin den Xiberoko zaldi lodien zoingehiagokan. Onizepean 3 hazle baizik ez ziren eta 10 bat montüra ekarri zütüen. Harragiaren prezioa apal izanik, nehorek ez da haboro montüra hazkuntzari lotzen. Baratzen direnak haboro ganoaz ari dira. Hortik harat, saristatürik izan direnak Morlaas-en eginen den Departamentüko zaldi zoingehiagokan parte hartüko düe.

Entzün Aguiar Santa-Graztarra montüra hazlea :

Axurka hüilantzen dela eta, "Schmallenberg" eritarzünak arrenkürak sorarazten dütü hazleen beitan. Eritarzün horren lehen kasüak, 2011ko azaroa agertü ziren Alemania, Belgika eta Herbeherretan, ardi eta behi hazkuntzetan. Urte hatsarrean, müga igaran züan kozüa. Eta barantailan jadanik, 152 saldoak 25 departamentüetan hunkirik ziren. Geroztik, kasü bat agertü da Urdiñarben ahüntz hazkunta batean. GDS Osagarri Zerbütxüak, saldoetan egin dütüan odol ikerketen araberan, eritarzüna hedatzen ari da. Hots, ondorioak hümeetan agertzen dira, nokü ezbardinekin sortzen edo hiltzen beitira. Prefosta, lotsak badira larrazken hontako, ardi saldoetan ikusiko beita zer heinean zabaltü den "Schmallenberg" kozüa.

Entzün Arño Etxebarne Agia GDSko ordezkaria :