XÜXENEAN ENTZÜN

Kultura

Urte hona izan da 2011a Maule Baitha zine gela kudeatze düan alkartearentako. Sartzeen aldetik 2010a beno 2000 sartze haboro izan dira, bereziki
« Les Intouchables » filmak ezagütü düan arrakastari esker. Orotarat, 18000 iraganik sartze izan dira, haurrak eta gazte dira so egile nausiak, hortarako eskentza zabala egiten dü Maule Baithak pübliko honi züzentürik. Kontüak plomatzen dütü Maule Baithak bena aspaldiko arrenküra da, elektrika eta gasako gastüak, pezü sobera düelakoz. Ofiziozko jente bat iragan da zine gelatik isolazionearen ikusteko eta üdüriala oso txarra agertü da. Düdarik ez, lanak egin beharko dira gaüzen hobetzeko.

Entzün  Henri Gairin Calvo Maule-Baitha zinema alkarteko bürüa :  

Kültüraldia, üdako besteen, gertakarien, kirol aktibitateen eta elkaldien egütegia Xiberoan plazaratürik izan da. Hitzordüen zerrendaz gain, xehetarzün zehatzak edireiten ahal dira gure kültüraren heinbat geietaz. Hitzordü nausietan, ohart etxekiko dügü, Altzürüküko kantaldi lirikoa, aurten goizaxago iraganen dena üztailaren 13an, Arrokiagako José Mendiague pastorala üztailaren 29ean eta agorrilaren 5ean, Amaiur ikusgarria agorrilaren 10 eta 11an, Garindaineko Eüskal Kantorearen Festibala agorrilaren 14ean, espartinaren besta agorrilaren 15ean, besteak beste. Kültüraldia 10000 aleetan ekoiztürik, saltegi, pübliko güneetan eta Xiberoko Turisma bülegoetan edireiten ahal da.

Entzün Pierre Etchemaite Xiberoko Turismo Bülegoko lehendakaria : 

Badü jadanik 5 urte Amaren Alabak taldeak bere lehen diska plazaratü düala ! Aldi hontan, beren bigerren diska grabatüko düe arramaiatzaren 22an Maule-Gaineko elizan püblikoaren aitzinean. 16 kantore grabatüko dira bertan, berrikuntza zonbaitekin bena gehien bat kantore tradizionalak emanen dütü Xiberotar taldeak. Gaüaldia kitorik izanen da eta beraz, nahiant oro joaiten ahal da bere esküzarten grabatzera ! Gaüko 8 orenetan ttanko hasiko da eta ondotik izanen da zer jan, zer edan eta prefosta, taldeko kideekin egoiteko parada ere bai ! Ez hüts egin !

Entzün Graxi Bedaxagar Amaren Alabak taldeko kantaria : 

Urte oroz bezala, sü andana bat piztüko dira Xiberoko mendi hanitxetan. Aurten, arramaiatzaren 23a urteko egün lüzeena dela eta, ekiari omenaldi bat egiten da eta hortarako dira süak pizten. Orotarat, 15 sü piztüko dira Maulen Hitabordan, Atharratzen Maidalenan, Sohütan Gaztelaian, Irabarnen Xardekan, Eskiulan Mandelün, Barkoxen Ahargon, Muskildin San Antonin, Urdiñarben San Gregorin, Ainharben Laphitzagan, Ligin Zalhagaiñen, Ürrüstoin Gaztelütxagan, Ozazen Lomendin, Donaixtin Beltxun, Larrainen Betzülan eta Ardakotxian. Aurtenko berritarzünetan, Larraineko Betzülan piztüko da süa Itzalzuko jenteek builtarazirik eta Xiberoko mügatik hürrünago ere bai, Donaixtiko Beltxu mendian. Nahiantak oro kümit dira prefosta nahi düen leküalat joaitea eta memento goxo baten igaraitea. Hitzordüak eta xehetarzün güziak, Hebentik alkartearen web günean.

Entzün Mixel Etxekopar, Jondane Johaneko süaren builtazalea :

Sü Azia, Xiberoko Ondarreaz axolatzen den alkartea, bere urteko lanak presentatü dütü Maulen arramaiatzean. Maddi Oihenartek eramaiten düan herrokatze eta soinüki bildümaren baliaztapena aipatü düe alkartekoek. Bestalde, Baionako I.U.T ko ikasle zonbaitek, Sü Aziako webgünea arraberritü düe bena jakinarazirik izan da, lan hau ez dela orano etxit ürrentürik. 2011an “Aita artzain zen” libürüa dü Sü Aziak plazarazi. 2012ko “Printze ttippia” xiberotarrealat ützültzea, “Xiberoko egünarieko” textu zonbait agertzea eta Xiberoko herrien kartielen izenak plazaratzea, hona Sü Azian dütüen lan xedeak. Azkenik, adineko herritar zonbaiten mintzaraztea eta grabatzea deliberatürik izan da biltzar nausian, memoria eta jakilegoa bizirik etxekitzeko.

Entzün Allande Socarros Sü Aziako kidea : 

Ausaz

Kronika

Emankizüna

Artxiboan