XÜXENEAN ENTZÜN

Politika

André Darraidouren (Ezpeletako aüzapez ohia) segida Christine Bessonartek (Senpereko aüzapeza) hartüko dü Ipar Eüskal Herriko aüzapezen biltzarran. Iragan neskenegünean biltzarrak bere biltzar nagusia egin dü Sohütan. Lehentze da emazte bat izanen biltzarraren bürü. Bestalde administrazio kontseilü berrian, orotara 11 lapurtar badira eta beste hainbeste xiberotar eta baxenafartarrak. Erran dezagün ere Christine Bessonarten lagüntzeko, lehendakari-orde gisa Mauleko aüzapeza izendatürik izan dela. Bere erranetan, inportanta da xiberotar bat izan dadin aüzapezen biltzarran.
Mixel Etxebest entzün :


Bilküra hortan, aipagei nagusia Frantziako lürralde administratiboaren berrantolaketa izan da. Hots, Balladur komisioak aipatü lürralde berrantolaketa. Arrenküra bat agertü da, epe labürrean kantonamentü eta departamentüak desagertüko direla aipatürik izan beita. Jean Jacques Lasserrek dü xede horren berri eman Sohütako bilküran.
Jean Jacques Lasserre entzün :

Aitzinetik aipatü geneizüen, igantean Gamere-Zihigako eskolaren süstengüz egünaldi berezia antolatürik zatekeala. Han izan gira, eta argazkian ikusten ahal düzüen bezala, jente multzo ejerra bildü da. Beste behin ere, üngürüko herrietako haütetsiak, kontseilari orokor eta beste politikariak Gamere-Zihigan ziren eskola zabalik egon dadin galtegiteko. Bena aldi hontan, irakaskuntzako sindikata zonbait (SNUIpp-FSU, LAB, SE-UNSA...) eta beste eskoletako aitetamak ere hor ziren.
Hor ziren güziek azpimarratü düe Gamere-Zihigako eskola sinbolo bat izanagatik ez dela arrenkürak dütüan bakoitxa. Eta behin eta berriz, alkartarzüna hitza entzün da iragan igantean. Hiru lekükotarzün bildü dütügü, heben behatzen ahal dütützüenak.
Gamere-Zihigako ama bat :


Jean Peille Iriart Alozeko aüzapeza :

FCPE alkarteko Dominique Rousset :

Azkenik, jakin ezazüe Kanaldudek bideo bat egin düala Gamere-Zihigako eskolan.
Ikusi nahi badüzüe, klika heben.

Estatü frantses osoan, bost sindikatek deitürik (Sud, CGT, CFDT, FO eta CFTC), postako langileak greban dira egün. Beharbada bat edo beste kexatüko da bere postaria edo faktürra ez beitzaio etxerat joanen egün, bena grebalariek azpimarratü nahi düe laster gütiegi izanen direla zerbütxü horren behar bezala betetzeko.
Postarentako iragarririk den estatüto berria pribatüa litzateke, eta larrazken hontan hasiko dira frantses parlamentüan proposamen horren aztertzen. Bena sindikaten erranetan, jadanik sentitzen düe züzendaritzaren politika berria : dioie azken sei hilabeteetan, Frantzia mailan, 7 500 lanpostü desagertü direla postan, eta horren ondorioz baldintzak okertü direla.
Maulen berean, 2 lanpostü galdü dütüe üda hatsarre hontan, alkarrizketatü dügün Doudou Leurgorrik erran deikünaren arabera. Ments diren langileek egiteko zütüen etxeetara joan behar da halere, eta Doudou Leurgorrik adibidez, orai artino Lanbara eta Ainharbe egiten bazütüan, Garindaineko 40 etxe haboro badütü bere turnadan. Eta aski ez balitz, züzendaritzaren partetik presione haboro sentitzen düe Mauleko langileek.
Doudou Leurgorri entzün :


Arrenküra horier aitzin egiteko beraz, alde batetik erran bezala greba egiten düe egün. Bestalde, bezero edo klientengana joan nahi dira jakiteko zer pentsatzen düen pribatizazio xede hortaz.
Doudou Leurgorri :

Bizi kolektiboa sortü zen klima kanbiamenaren arrenkürak jendarte zabalealat hedatzeko. Xede horrekin, ekintza ezberdinak badütüe eginik bereziki kostaldean, hala nola Miarritzen eta Baionan. Oraikoan, pirripitaz abiatü dira hiru egüneko ibilbide baten egitera. Ostirale goiz hontan 9etan zen abiatzea. Hitz hartze ezberdinak izan dira Herriko Etxe aitzinean ; Francis Poineau, Madouce Araguas eta kontseilüaren izenean Daniel Mainhaguiet elhestatü dira.
Erran bezala, pirripita ützülia klima kanbiamenaz sentsibilizatzeko egiten düe, eta egün bakoitx, gei ezberdinak jorratüko dütüe, ützüliak iraganen dütüan hiru egünetan. Egün, leküko ekoizpenen erosteak düan inportantzia azpimarratü nahi düe.
Entzün Daniel Mainhaguiet Mauleko haütetsiaren hitz hartzearen azken hitzak :


Xehetarzün güziak Bizi ! kolektiboaren web günean : http://www.copenhague2009bizi.org/

Denek badakikezüe orai ezne ekoizle haboroenak greban sartürik direla, bai Xiberoan eta bai Europa osoan ere. Ekoizleen arabera, goizean bildü eznea lürrealat urtukitzen düe ala dohainik emaiten. Azken bide hori haütatü düe Gotaineko ekoizle batek eta Barkoxeko beste batek. Dena den, eman ala urtuki, segür da delibero bortitza dela ezne ekoizle batentako. Bena beste elkibiderik ez züela dioie laborariek, ikusirik azken denboretan zer prezioetan saltzen zütüen etxeko ekoizpenak.
Azken denboretan, hanitx aipatü dügü APLI alkartea, greba hau hasi züana. Bena bestalde, ELB sindikateko laborariak ere greban dira, eta Mauleko merkatüan agertü dira eznea emaiteko. Erran bezala, bi ekoizle xiberotar baziren, bata Gotainekoa eta bestea Barkoxekoa. 

 

 

 

 

Gotaineko behi ezne ekoizlea, Madouce Araguas alkarrizketatü dügü. Alkarrizketa entzün :

Ausaz

Kronika

Emankizüna

Artxiboan