XÜXENEAN ENTZÜN

Kultura

Mauleko sasoin kültüralaren kari, Donostiako Aukeran dantza konpaniak, Geltokia izeneko ikusgarria emanen dü Mauleko Jai Alai-ean neskenegün hontan.
Baküna Show, Gernika eta Amaiur ikusgarrietan ageri izan den Edu Muruamendiaraz koregrafoak dü oro züzentü.
Euskal dantza eta modernoa nahasten düan ikusgarri hori, geltoki batetan igaiten diren jenteen sentimentüaz da.
Leküak jadanik hartzen ahal dira mauleko turisma bülegoan, hitzordüa 9orenetan Mauleko Jai Alai-ean.

Horren berri emaiten deikü Jean Dominique Espilek:

Ostirale hontan hasten zaikü Mauleko kültüraldia Maule gaineko plazan. Hilabete oroz familiarentako gaüaldi bat gutienez antolatzea dü xede kültür sailak.
Hasteko antzerki erringarri bat eta txurdunpa (bascule hongroise) baten gainean ari diren ekilibristak jinarazten dütüe.
Eüskarazko eskaintza zonbait izanen dira ere bai, Ander Lipus-en azken antzerkiaren mustrakentako Maule Baita erabiliko beitüe bi astez.
Ürrietaren 7an Arrastoak izeneko antzerki berriaren lehen emanaldia izanen delarik.
Hortaz eta beste ikusgarrietaz berri emaiten deikü Christelle Mange, Mauleko kültür saileko langileak:

Üdako Xiberoko kültür hitzordü nausia, Pierra Lhande pastorala gero eta hüilanago dügü. Arizaleak trebatzen dira aste oroz eta antolazaileak lanean karraskan ari dira dena pikuan izan dadin üztailaren 26eko. Anartean, komünikazioa ere ontsa lantzen ari dira, lehen lehenik "http://pierralhande-pastorala.com/" internet günearen bidez, eta afitxa ere plazaratürik izan da düala aste zonbait. Aurten ez da afitxa lehiakarik antolatürik izan, eta konfiantxa egin düe Mattin Partarrieu-ri. Pierre Lhande pastorala, üztailaren 26an eta agorrilaren 2an emanen da Zalgizen.
Mattin Partarrieu :

Maider eta Jean Mixel Bedaxagar, Niko Etxart, Jean Bordaxar, Mikel Markez eta Eloise Durant, Eüskal kantoreaz aditüak direnak bildü zütüan Urdiñarbeko Bil Xokoa alkarteak iragan neskenegünean, Müsikaren Egünaren karietara egin zen mahainaren üngürüan. Düala ehün urte, Alemanian preso ziren Eüskaldün zonbait eman züen kantoreen grabaketak, nola bildü dütüan esplikatü züan Maider Bedaxagar-ek. Jean Mixel bere aitak aldiz, Sû Azia alkarteak eraman düan kantore zaharren bilketaz mintzatü zen. Niko Etxart-ek, kantatzeko leheneko maneratik  gaurko moldeala zer bide egiten den zehaztü züan ikuspüntü personalatik abiatürik. Jean Bordaxar-ek kantorearen leküaz pastoraletan eta Mikel Markez-ek kantorea eta militantismoa jorratü züan. Azkenik Eloise Durant ikerlariak, emazteen leküaz kantagintzan egin düan ikerlanaren berri eman züan. Bi oren iraunten düan mintzaldi interesgarri horren entzüteko parada eskeintzen deizüegü orai :


Sonüaren kargatzeko klixka hemen

Ausaz

Kronika

Emankizüna

Artxiboan