Berriak

Herrietako berriak
2010an Xahakoa pastorala Barkoxen
Crédit Agricoleren eskerrak Xiberotar zonbaiter
XIBEROKO BOTZAK WEBGÜNE BERRIA DÜ
Kanbiamenak badirate Xiberoko Botzan
Sü ehaileek süa berriz abiaraziko düe dantza pistan
Ausaz
Kronika
HOROZKOPA
Emankizüna



Xibero Trail Holzarte Orhi mendi lasterka antolatüko düe Larraineko gazteek 2015eko agorrilaren lehenean. Besta batzordea da antolatzailea, Herriko Etxea, Xiberotarrak kirol alkartea eta Thierry Perrot, holako gertakarien antolatzeko esperientzia düanaren lagüntzarekin. Hogei ta hamar kilometroko lasterka date, bi mila metroko petik gorakoa. Larraineko plazatik abiatüko da, Logibarera jaitsiko, Holtzartetik Pixtara iraganen eta Otsogorritik kaskoz kasko Orhiala heltüko da, San Jüjefeko oihanatik berriz plazala heltzeko.
Camille Lopez Clermont Auvergne rugby taldeko Mauletarra, Frantziako taldean aritzeko deitürik izan da berriz. 2013ko arramaiatzean All Blacks taldearen kontre aritzeko deitürik izan zen jadanik. TOP 14ean egin düan sasoi hatsarre honari esker, bere leküa irabazi dü bere taldean lehenik eta düdarik gabe, selekzioaren irabazteko erabakigarria izan da. Mementoko 30 jokülari deitü dütü Philippe Saint André haütatzaileak, bena Xiberotarrak xantza hanitx dütü zelaian agertzeko, neskenegünean 18:00etan Massilian Fidji ugarteko taldearen kontre aritzeko. Asteazken goiz hontan ezagütüko da, partida hasiko düan taldearen osaketa.
Federale 1 rugby txapelgoaren kontü, Auch talde azkarra errezibitzen züan Maule-k eta galdü 30 / 13. Etxen bigerren galtzea da, orotara hiri galtze eta berdinketa batekin, hiru püntü dütü Maulek sailkapenean, eta hamar leküetarik bederatzügerrenean da. Dagün partida hamabost egünen bürüan jokatüko dü Graulhet-eko zelaian. Maulek, garaipenaren txerka joan beharko dü, Graulhet multxoko azken leküan beita.
Bixente Zubiat eta Xavier Argain-ek irabazi düe, Pagolako arrabotüko lehen mailako eskü hüxka lehiakaren finala, iragan neskenegün arrestiritan Bittor Tikoipe eta Allande Luku-ren eretzean 30/28. Bigerren mailan, Stephane Luku eta Guillaume Barbaste nausitü dira, Yves Lopépé eta Ttotte Curutchet-en kontre 30 / 27. Bilan oso baikorra egin düe antolatzaileek. 
Garindaineko Urrupean trinketeko Elite Pro mailako 9. Lehiaka jokatüko da irailaren 26 eta 28an. Bi erdi finalak ostiralarekin arrestiriko 19:00etarik harat jokatüko dira. Larralde eta Battitte Ducassou, Bielle eta Etcheto-ren eretzean dirateke eta ondotik, Sorhuet eta De Ezkurra II, Larretxea eta Harismendy-ren kontre ariko dira. Finala igande goizan jokatüko da 11:00etan, aitzin partidan aldiz 10:00etan Sébastien Queheille eta Patxi Cazenave Mauleko pilota batarzünako gazteak, Niang eta Ibañez Goizeko Izarrako parearen kontre ariko dira. Iganteko bazkariko leküen etxekitzeko deit 06 83 77 10 06 zenbakiala.


