XÜXENEAN ENTZÜN

Kultura

Azken 40 urteetan Xiberoko Ikastoletan lanean ari izan diren andereño, aitetamak eta lagüntzale güziak uhuratürik izan dira, ikasle ohiek eman düen Olaz Ola Ikas ikusgarriarekin, neskenegün gaüan Mauleko Jai-alaiean. Irudi, antzerki, bertsu, kantore eta dantzaren bidez, sortzetik egün artinoko Xiberoko ikastolaren historia kontatürik izan da, hüillantü den milako bat jenteen aitzinean. Ikasle ohiek nahi izan düe erran, eüskara ez dela Ikastolen eskü bazik, Ikastola bizi behar dela bai, bena karrikan ere eüskara erabili behar dela eta ez bada Ikastolatik iragaiten ere, eüskara biziarazi behar dügüla ororek. Olaz Ola Ikas ikusgarria berriz emanen da dagün barantailaren 27an igantearekin Luhosoko gelan Xalbador ikastegiaren alde.

Entzün ikusgarriko zati zonbait :


Entzün ikusgarritk landa izan diren ohar zonbait :

Entzün Ihitz Iriart aktürrra eta antolazalea :

Ikastolek Iparraldean, 40 urteak bete berri dütüe. Xiberoan aldiz, 40 urteak 2012an ospatüko dira, 1972an sortü beitzen lehen ikastola Maulen. Horren kari, XIIO (Xiberoko Ikastoletako Ikasle Ohiak) alkartea sortü da eta ikusgarri bat prestatü dü, neskenegün hontan abendüaren 11an emanen düana Mauleko Jai-Alaian. Berrogei  bat ikasle ohi jüntatü dira beraz, Olaz Ola Ikas izeneko ikusgarria plantatzeko eta aurten eraman düen lana ikusteko parada dükegü. Berrogei urte horik, hatsarretik eta egünko egüneala, müsika, kantore, filma, argazki, dantza, antzerki eta bertsuen bidez presentatürik izanen dira. Ez hüts egin, Olaz Ola Ikas ikusgarria abendüaren 11an neskenegünarekin, Mauleko Jai Alaian gaüko 9 orenetan. Sartzea 12 eurotan finkatürik da eta dohainik 12 urte petik. Jai-Alaia ere berotürik izanen da.

Entzün Argitxu Camus eta Ihitz Iriart bi aktür eta antolazaleak :

Transhümantziako bidearen xerka ibili dira Mixel Etxekopar eta François Rossé soinüegileak berriki plazaratü den Transhumantzia dizka berrian. Pianoa, txülüla, tzintzarriak, poesia, müsika esperimentala, txori erots eta hitzak, Mixel Etxekoparenak haboroxenak, Josean Artzearen bat eta herrikoiak ere, horik oro bildü dütüe bi artistek, Elkar dizketxearen estüdioetan grabatürik izan den obra hontan. Transhümantzia dizkak, hatsarrean algarrenganik ürrün üdüritzen diren bi mündü biltzen dütü, alde batetik heben aurkeztü behar ez den Mixel Etxekoparena eta bestetik, François Rossé piano joile eskü ausartarena. Müsika tradizionala ala garaikideren artean haütatzeko ordez, ohidüra garaikidearen ildoa jorratzen düe azkenean. Mixel Etxekopar aitortü deikünaz bertsolariek egiten düen maneran inprobisazioan bermatzen da beren müsika, grabaketa egin aitzinetik ez beitzüen deüs ere idatzirik izan.

Entzün Mixel Etxekopar müsika egilea :

Ingles, Frantses, eta Eüskara batuan jadanik argitaratürik izan den Robert Laxalten “Sweet promised land” izeneko libürüa, xiberotarrezko ützülpena laster plazaratüko dü Sü Azia alkarteak. Robert Laxalt kasetalariak 1957gerren urtean argitaratü züan bere libürüa. Hontan, Ameriketako Estatü Batuetara joan zen Dominique Laxalt  bere aitaren bizia kontatürik da. Dominique Laxalt, Liginaga-Astüeko Galantenea etxaltean sortü bazen ere, orai artino nihork ere ez züan xiberotarrezko ützülpenik egin eta hartara plantatü da Jean Pierre Etchebarne mauletarra. Abentü ürrentzeala harpide bat antolatzen dü Sü Aziak, argitalpenaren freser bürü egiteko. Libürüa 15 eurotan erosten ahal da aitzinetik, hortik harat 20 eurotan datekealarik. Züen libürüaren erreserbatzeko Sü Azia alkartearekin harremanetan sartzen ahal zidee 05 59 28 05 67 zonbakiala deitzez.
Entzün Jean-Pierre Etchebarne "Aita artzain zen" xiberotarrez ützüli düana :

Hogeita hamar bat urtez borrokan aritzez eta politika sailean lan egitez, Iparretarrak (IK) erakundeak gisa hanitxez parte hartü dü gaüzen aitzinarazten, herritarren ikusteko manerak kanbiarazten eta jenteen gogoa pizten eta hazten, Ipar Eüskal Herrian. Bühürtzera behartze hori eta herria bai Herritarren defenditzeko nahikünte hura “Herriak bizi behar dü” erranaldian oso-osorik agertzen da. 2007eko abentüan, eüskaraz, eta 2010eko apirilan frantsesez agertü den Eneko Bidegain kasetalariaren “Iparretarrak, erakunde politiko armatu baten historia” libürüak borroka urte gogor horien berri emaiten dü, honenbeste militanteren jakilegoarekila. IKko kide horietarik biga, Xan Ansalas eta Allande Socarros, borroka urte horien aipatzera jinen dira Mauleko Zinka ostatüala, abentüaren 3 hontan, arratseko 20:30tan.

Entzün Eneko Bidegain Iparretarrak libürüaren idazlea :

Ausaz

Kronika

Emankizüna

Artxiboan