XÜXENEAN ENTZÜN

Kultura

Iragan da denbora Jean Mixel Bedaxagarrek bere azken lana plazaratü züanetik. Üda hontan berriz ere grabaketa geletako bidea hartü dü. Harekin batean, Donostiarat harat-honaka ari izan dira Johañe Bedaxagar bere semea, Amaren Alabak eta horietan Maider Bedaxagar bere alaba, Erramun Martikorena eta Mixel Arotze.
Jean Mixelek erran düanaz, ez dü kantore berririk izkiribatü diska honentako. Bena badira halere haren hiru kantore, ezagünetaz gain. Lan berri hortan txülüla eta ttunttun ahaide zonbait ere ezarri dütü.
Aitzin-gustü gisa, heben behatzen ahal düzüe kantore bat, Amaren Alabekin batean emanik.
Kattalin entzün diñat kantorea entzün :

 

BELAGILEAK

TTITTIKA REKALTEN BIGARREN PASTORALA

 

Pastoral guztietan berrikuntzak izaten diren arren, aurtengo pastoralean berrikuntza handiak itxaro genituen, eta egia esateko, hizkuntzaren gordintasuna kenduta, ez dira horrenbestekoak izan; eta hobeto horrela agian, honek esan nahi baitu pastorala etengabeko berritzean den antzerki mota dela. Badaki betikotik edaten, baina beti aitzinera begira. Azken hamarkadetako pastoral-idazleek eta errejentek era guztietako berrikuntzak landu eta burutu dituzte, ez dira inoiz antzinako moldeetan estekaturik geratu.

 

Etxahun-Iruri izan zen, zalantzarik gabe, pastoralera berrikuntza handiena ekarri zuena, ordura arteko süjetak ---sainduak eta Frantziako pertsonaia handiak--- baztertu zituenean, euren tokietan euskal pertsonaiak jarriz. Orduz geroztik, euri ugari bota badu ere, dena progresio logiko batez etorri da. Zuberoak aunitz zor dio pastoralari, gizarte kohesioa eta auzolana, besteak beste, eta Etxahun-Irurirekin hasitako pastoral berriari euskararen prestigioa eta berrindartzea.

Pastoral berri honetan badira estilo ezberdinak, prefosta!. Batzuk besteak baino klasikoagoak dira, neurri eta molde zaharrei lotuagoak; badira pastoralaren indarra musikan eta dantzan bereiziki oinarritzen dutenak, eta badira ere, istorioari eta hizkuntza landuari izugarrizko garrantzi handia ematen diotenak. Estilo kontua, besterik ez da.

Aurtengo pastorala biziki berezia izan da peredikü eta azalpenetan erabilitako hizkuntzaren gordintasunaren aldetik. Honek bizitasun handia eman dio, eta 1609. urtean Frantziako Henrike IV.ak Lapurdin bultzatu zuen zapalketa dakarkigu gogora, bere lazgarritasun osoz. XVII. mendeko Lapurdi hartan, etxeko jaunek botere handia zeukaten eta Uztaritzen biltzen zen biltzarraren bitartez, herrialde osoa gobernatzen zuten, benetako gobernu moduko bat osatuz. Lapurdiko foru eta usadio zaharrak ziren sistema honen oinarria. Urtubiako eta Senpereko jaunek, gerra garaiko agintea izateaz aparte, ez zuten bestelako aginterik, eta hau ere aski mugatua eta kontrolatua, Uztaritzeko Biltzarrak aunitzetan azken hitza ukaiten baitzuen. Bi jauntxo hauek bekaitzaz begiratzen zuten Frantzia alderat, hango nobleen botere handia nahi baitzuten beraientzat.

Hori dela eta, Lapurdiko etxeko jaunak kolpatu nahirik, Henrike IV.gana jo zuten. Urtero, Lapurdiko bost mila gizon inguru joaten ziren Ternuako itsaso izoztuetara bale-arrantzan. Eta horretaz baliatuz, belar-sendagintza, sinesmen zaharrekin loturiko tradizio eta erritoak… jorratzen zituzten emakumeak sorgintzat harturik, salaketa ezarri zuten frantses erregearen aurrean. Salaketa hark ez zuen inolako funtsik, hala eta guztiz ere, erregeak hori guztia jakinki, Pierre de Lancre bidali zuen Lapurdira epaile nagusi eta errege ordezkari gisa. Erregeak bere boterea handitu nahi zuen, eta horretarako lapurtarren autogobernua kolpatu beharra zeukan. De Lancre Bordelera lan egitera joandako euskal familia baten ondorengoa zen. Familiaren deitura Rostegui (Arostegi) zen, eta Pierren aitatxiak aldatu zuen, orduz geroztik eraman zuten De Lancre deitura frantsesaz. Pierre de Lancrek euskara eta euskaldunak gorroto zituen, eta bereiziki euskal emakumeak, beraiek baitziren euskara eta euskal tradizioak belaunaldi berriei transmititu egiten zizkietenak. Krudela, paranoikoa eta misogenoa zen, eta ankerkeria handiz jokatu zuen Lapurdin.

Emakumeak jazarri, atxilotu eta gupidarik gabe torturatu egin zituen, eta horietako aunitz bizirik erre. Horixe izan zen Lapurdin egin zuen balentria. Ez dakigu zehazki zenbat pertsona erre zituen, batzuek 20 bat emakume eta bizpahiru euskal apaiz erre zituela diote, beste batzuek askoz gehiago erre zituela defendatzen dute. Jazarriak eta torturatuak zazpiehun bat izan zirela esaten da.

Azkenean, Baionako apezpikua zen Bertrand Etxauze baigorriarrak, bere eremuko apaiz zenbait erre zituela ikusirik, erregearengana jo zuen De Lancre Lapurditik eraman zezala eskatuz. Badirudi hori izan zela, ordurako Ternuatik itzulirik ziren bospasei mila gizon horien haserrealdiarekin batera, De Lancre Lapurdi uztera behartu zuen arrazoietako bat.

Gertaera lazgarri hauen 400. urtehurrena dela eta, Ttittika Rekaltek Lapurdiko Belagileak hartu ditu pastoral süjeta gisa. Pastoralean erabili duen hizkera gordina benetako tragedia haren oihartzuna bizi-bizi zabaltzeko tresna ezin hobea suertatu delarik. Gai honek, bestalde, badu gaurkotasun handia. Ikusi, besterik ez dugu egin behar, bai Iparraldean eta bai Hegoaldean arrotz epaileek gaur euskaldunekin duten jokaera.

Pastoral hau uztailaren 26an jokatu zen lehen aldiz eta agorrilaren 2an bigarrenez. Ni lehenengora joan nintzen Iñaki lagun bizkaitarrarekin batera. Goizean ohiko meza eta ondorengo karrikaldia edo zintzarrada izan ziren. Arratsaldeko 3,30etan hasiera eman zioten pastoral saioari. Sargorio handia zen arren harmailak beterik zeuden, baita aurrez aurreko harmailaren gibelaldean bi haritz sendok eskaintzen zituzten gerizpe-gune goxoak ere. Esan dezadan harmaila hau mendi mazela baten inklinazioaz baliatuz zurez eginak zituztela, Aloze-Ziboze-Onizeko herritarrek, garai bateko pastoral zaharretan egiten omen zen bezala.

Oholtzako deabrüa ere, berezi samarra zen, ohiko gorri-beltza izan beharrean, kolore anitzetakoa eta neurriz handiagoa baitzen. Kristal ezkatez egindako begi handi-handiak zituela zirudien. Polita zen oso.

Belagile edo sorgin nagusia Nernatenako Mariatxo izenekoa zen eta buruan garai hartan euskal emakumeek burua estaltzeko zerabilten kapela falikoa zeraman, baina kapelako buztanak zakil baten itxura ikaragarri handia zuen, garai hartako erotismo libreagoaren berri emateko nahita horrela diseinatua pastoralerako. De Lancrek Lapurdiko emakumeak sorginak zirela frogatzeko zerabiltzan argudioetako batzuk honako hauek ziren:

1.- Belarrak erabiltzen zituzten ukendu eta edari sendagarriak egiteko.

2.- Euskaraz, hau da, deabruaren mintzairaz mintzo ziren.

3.- Adan eta Ebak paradisuan jan zuten sagar debekatuaren zukua, hau

da, sagardoa edaten zuten.

4.- Dantza eta festetan sexu harreman libreak erakusten zituzten, edo

horrela iruditzen zitzaion, bederen, De Lancre hertsi zoroari.

5.- Gizonak Ternuan zirenean, Lapurdiko emakumeek gobernatzen

zuten etxe eta lurretan, gizonaren rola harturik. Eta hori frantsesen

ikuspegitik sinestezina zen.

6.- Deabruaren gurutzea, hau da, lauburua erabiltzen zuten.

7.- Euskal sinesmen zaharretako jainko-jainkosak eta naturako indarrak

gurtzen zituzten, eta errito eta tradizio zahar ugari praktikatzen.

8.- Buruan bekatua zeramaten, inolako lotsarik gabe, hau da, lehen

aipaturiko zakil itxurako kapela.


Eta azken hori da Ttittika Rekaltek Nernatenako Mariatxoren kapelaren bidez oroitarazi eta aldarrikatu nahi izan duena: sexuaren erabilera librea, hain zuzen ere.

Pastoral hau ez da Ttittikak egin duen lehena, 2005ean, Ahüzki mendiko zulo batean, agertoki guztiz natural batean, eta zuzien argipean, Oiherkoren trajeria izenekoa jokatu baitzen. Oraingo hau, beraz, jokatzen den bere bigarren pastorala da, eta Oiherkoaren mundu magikoaren nolabaiteko jarraipena dela esanen nuke nik.

Pastoral honen errejenta Ttittikaren anaia den Jean Pierra Rekalt izan zen, eta ohikoa duen bezala, biziki lan ona egin zuen. Emakume jostunen buru den Erramun Gartzia-Zabalegik, urtero bezala, bere trebezia handia erakutsi zuen, janzkerak ederrak, kolore handikoak eta garaiarekin ongitxo uztartuak egin baitzituzten. Mixel Etxekoparrek, Niko Etxartek eta Oihan Oliarjek kantu moldatzaile eta irakasle ezin hobeak direla erakutsi zuten oholtzara igo ziren aldiro. Jokülariek ere, maisuki egin zuten lan. Ene irudikoz indar handiko pastorala izan zen, adierazkortasun eta iradokizun handikoa.


Berrikuntzen aldetik aipa ditzadan honako hauek:

 

1.- Hizkeraren gordintasuna. Hona hemen kobla zenbait adibide gisa:

47.- Kabale balde dira

Urden erditan ohatzen

Denbora gehiena xuritzen düe

Bata besten tzikhokatzen.

 

48.- Urdaña ederrik ere bada

Titiak beti tzilintzau

Süsaltzen dira entzün baiko

Gizonen ganik “txauri txao”!

 

 

50.- Koskollik batere gabe dira

Gure gizon ükül horik

Nago mündüan badenez

Egiaz horik bezalakorik!

 

2.- Koblen gogortasuna, publikoaren erantzun eta haserrealdia bilatzen zutenak. Adibidez:

 

126.- Emazteak behar dü jakin üken

Egoiten bere betiko leküan

Sorginkeria horiek üko egin

Ta jarri gizonaren zerbütxüan!

 

3.- Oholtzan, ohiko deabrü gorri-beltzaren ordez, koloreetako deabrüa. Lehen aipatu duguna.

4.- Aurrez aurreko harmaila, zurez eta mendi penditzaz baliatuz egina zen.

5.- De Lancreren bakarraldia hizketan (136), inolako koblarik gabea. Bere mezuan biziki gogorra zena. “…bena debrüaren eskütik elki, kosta ahala kosta, süiaz bada süiaz…”

6.- Süjeta ez zen pertsonaia bakarra, ohikoa den bezala, kolektibo bat baizik: Lapurdiko belagileak edo sorginak. Patrick Keheillek Barkoxen, 1998. urtean, jokatu zen pastoralean honen aurrekaria burutu zuen, lau süjeta eta lau aro erabili zituenean.

7.- Koblen bukaerako errepikapena zinez fite egiten zuten, Mañukortak bertsogintzan darabilen moldea gogora zekarkiguna.

8.- Azkeneko urteetan izan dira neskak satan-dantzetan, baina oraingoan janzkera berezia zeramaten: gona beltza, txanbra eta txapel gorriak, eta borla beltza.

9.- 13. jelkaldian sarrera atabalez bideratu zen, lehen kobla izugarri gogorra izan zelarik:

148.- Herroka bite zale honarat

Alü süsal urdaña horik

Eta laster minta bite

Balin badüe erraitekorik.

10.- Pastoral-libürüan tartekaturik azaltzen diren marrazkiak. Egilea Gonzalo Etxebarria izan da, eta maisukiro jorratu ditu sorginekin eta torturekin loturiko irudiak. Bada horietako bat, amerikarrek irakiarrekin egindako tortura basatiak gogora ekartzen dituena. (123. or.)

Dena den, aipatutako berrikuntza hauek guztiak izugarri ongi integratuak ziren pastoralaren egituretan. Horixe izan da, Ttittikak eta lan talde osoak izan duten lorpenik handiena.

Kantuak eta dantzak biziki ederrak izan ziren. Aipa ditzadan lehenengo kantorea, bale arrantzaz ziharduena. Bazuen indarra eta arras adierazgarria zen. Hauxe izanen da, nire ustez, euskal kantutegi herrikoian laster sartuko den abestia. Letra Ttittikarena da eta doinua Mixel Etxekoparrena. Bigarren kantorea ere aipatzeko modukoa da. Bere bukaera oraindik dabilkit belarrietan: “…isilik egoitea zaükü galteginik”

8. jelkaldian (5) izan zen artzain kantorea ederra izan zen zinez. Hori bai entzun-ikusleok ohiko artzanoraren eta taloen falta sumatu genuen. Artzainekin eta ardiekin batera oholtzara igo zen asto zuria eder bezain burugogorra suertatu zen, ez baitzuen oholtzatik jaitsi nahi. Azkenean bost gizonen artean, tiraka eta bultzaka jaitsi behar izan zutelarik.

10. jelkaldian Telesforo Monzonen Haize hegoa izeneko kantu ederra sartu zuten, baina zubereraz. Hona hemen Alozen entzun genuen bertsioa:

 

Aize hegoa gaü epela

Argizagian argi

Mutxurdinak leihoetan

Hegatzean gatü bi

Bide ondoan zonbait kanta

Gaüerdiz arduari

Hargaineko sorgin zaharra

Keinüka argizagiari.

 

Aipatzekoa da ere, De Lancreren ihesa kontatzeko Mixel Etxekoparrek egindako dantza ederra. Dantza hau gure plaza eta erromerietan dantzatzeko modukoa da. Ene ustez, erakutsi eta zabaldu beharko litzateke. Badu letra esanguratsua, Ttittikak egina. (137. or.)

Azken kantorea (155. or) ere, eder-ederra iruditu zitzaidan. Aloze, Ziboze eta Onize Gaine herrien izpiritua eta auzo-lana maisuki laburbiltzen baititu.

Egilea Onize Gainen bizi den Niko Etxart kantari famatua da.

 

Hor axolbea dügü oroek

Izan dadin arogaitz edo aize

Azkarki bateginez hiruek

Hona Aloze-Ziboze-Onize.


Azken perediküan, 195. koblan, Ttittikak Euskal Herria bitan banatzen duten estatuak gogor kritikatu zituen:

 

Eüskal Herrian egün

Ez da bestelakorik ikusten

Estadoen beharri gorrek

Süari sü beitüe emaiten.

 

Azkeneko bi koblak (197 eta 198) euskararen aldeko aldarri garbia izan ziren:

 

Azkenik ohar ttipi bat

Heben zideen güzier

Gure mintzajearen geroaz

Interes zerbait düener.

 

Aloze, Ziboze eta Onize

Eüskarari gira etxekiak

Dakian bakotxak mintza dezala

Goza dezan bihar haurñiak.

 

Alozeko pastoralak hiru oren iraun zuen, eta hiru orduetan zehar, publikoak adi jarraitu zuen, esku-zarta handiak eskainiz. Bukaeran ere, txalo zaparrada handia izan zen, pastoralaren mezua, edertasuna eta bertan parte hartutako guztien lan handia gogo onez sarituz. Gero izan ziren ohiko antxerak. 200 eurotan hasi ziren eta Ezpeizek irabazi 1900 eurorekin. Horrela, joan den urteko Xiberoko Jauna pastoralean parte hartu zutenak oholtzara igo ziren moñeiñak eta aintzina-pika dantzatzera.

Buka dezadan artikulu hau Ttittikak Monzoni Haize hegoa kantuaren bidez egindako aipua gogoraziz. 2010eko pastorala Barkoxen jokatuko da. Keheillek egina izanen da, Zahatüa izenekoa; eta 2011n Larrainen, Johaiñe Bordaxarrek idatzitako Telesforo Monzon izenekoa. Beraz, badugu etorkizun ederra pastoralendako hurrengo bi urteetan.


Joseba Aurkenerena Barandiaran


Mauleko herriko etxeak, kültür ardüradün den Béatrice Lahargoue haütetsiaren ahotik, horra den ikasurteko kültür programazioa aurkeztü dü. Setemearen 26an hasiko da Maule-gaineko plazan eta dagün üda artino lüzatüko da.
Antzerki, zirko edo müsika emanaldiak proposatüko dütüe, bena hütsüne bat ere agerian da, programazio hortan eüskararen leküa ttipia beita. Aurkeztü dütüen hamabost bat hitz-ordüetan, bat baizik ez da eüskarazkoa izanen ; Elirale antzerki taldearen Otto ikusgarria. Eüskarazko ikusgarri güti izanaz argibideak galtegin deitzogü kültür ardüradünari, Béatrice Lahargoueri. Arrapostüa entzün :



Prezio apalagoak

Prezioen aldetik aldiz, herriko etxeak iragan urtean egin indarrak berretsi dütü. Gehitüentako, ikusgarri güzien prezio "normala" 12 eurokoa da. Prefosta, ikasle eta langebeentako apalago dateke, bena audela, abonamentü karta baten hartzeko parada ere izanen da. Ürrietaren 15 gabe hartzen ahal da herriko etxean, eta hiru ikusgarrien izenak eman beharko dira, segürtatzez horien ikustera joanen dela galtazalea. Horri esker, ikusgarri güziak 10 euro pagatüko dütü abonatüak, 12 euroren partez. Xehetarzünak Béatrice Lahargoueren ahotik :

Kültüraldia, erran bezala, setemearen 26an hasiko da Maule-gaineko plazan. Tokia antzerki taldearen "L'élixir des frères Grooms" eta Kilikolo zirko taldearen "Bi" ikusgarria ikusten ahalko dira. Ikasurte osoko egitaraua ikusteko, klika heben pean "haboro irakurri".

2008ko Xiru festibalean estrenatürik izan zen Euskamerika, Mixel Etxekoparrek izkiribatü pastorala. Sohütako 15 gazte ziren arizaleak, Nicole Lougarot eta Mixel Etxekoparren züzendaritza-pean. Hainbat aldiz Eüskal Herrian eman ondoan, Ameriketarat joan dira agorrila ondarrean, hanko eüskaldüner eskeintzeko. Funtsean, pastoralaren ütürria han zen, eüskaldünen migrazioa beita jeian aipatzen dena.
Erran behar da bidaje hori xede pedagojiko baten baitan kokatzen dela, Ameriketatik gazte elibat jin beitziren üda hatsarrean. Eüskaldünek Kalifornian bizi izan düenaren berri üken dügü Xiberoko Botzean, Mixel Etxekoparrekin.
Alkarrizketa entzün :


Jüstoki, Mixel Etxekoparrek alkarrizketa ondarrean aipatzen dü zentü berri den Martxel Tillous apez eskiulatarrari egin zeien omenaldiaren bideo bat ikusgei düzüe heben.

{youtubejw}b00OLkeMfyQ{/youtubejw}

Biharko Lürraren Alkarteak (BLE) Asünak egünaldiak antolatzen dütü azken urte hauetan. Laborantxa biologikoaren ikuspegi ezberdinak jorratzen dira bereziki Hazparnen, han merkatü bat ere egiten beita.
Bena aurten, egünaldi horiek Maulerat ere heltüko dira, "Sans terres et sans reproches" filma ikusgei beitateke ostirale hontan. Gaüko 9 orenetan hasiko da Mauleko zerbütxü güneko Irati gelan, Stéphanie Lemoin filmaren egilea hor datekealarik filmaz eztabaidatzeko.
Heben proposatzen deizüegü filmaren aurkezpena :

{dmotion}x6fghx{/dmotion}

Ausaz

Kronika

Emankizüna

Artxiboan